XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

INES ERE badakit bakarrik sentitzen dela.

Bi bakardade gara elkarren alboan.

Eta inoiz elkar maitatu izan badugu, elkarren bakardadeaz hunkiturik maitatu dugu.

Hunkitu eta enamoratu elkarren bakardadeaz.

Batzutan imajinatu izan dut gizon bakoitzak bere kaiola izan behar lukeela.

Eta kaiolatik irten gabe erlazionatu behar lukeela besteekin.

Baina kaiola ere gartzela izanen litzateke. Mundu guztia.

Gizon bakoitza gartzela bat izanen litzateke orduan.

Neork ez luke bere kaiolatik ertetzerik izanen.

Baina orduan maitasunik egiterik ez lukete izanen gizonek.

Ez maitasunik eta ez burrukarik.

Nik ez nuke nahi Ines kaiola batetan ikusterik.

Ez nuke nahi haren larrua kariziatu barik bizi.

Ezin bizi nintzateke haren ezpain puztuak bortxatu gabe, haren sabela urratu gabe, Inesen esku beroak neureetan herstutu gabe.

Oraingoz nahiago dut berehala hemen izan dadin.

Nahiago nuke uda hau reflexio aldi bat izan balitz.

Instant labur bat besterik ez balitz izan.

Nahiago nuke uda hau igande bat besterik ez balitz izan eta ondoren, ezer pasa ez balitz bezala, atean sartu eta esanen balit: - Hola Xabier. Ezer pasa ez balitz bezala.